"Il Festino", 55 Plus programan adineko pertsonen festa

Ikuskizunaren eguna otsailaren 14an izatea erabaki dugu. Arratsaldeko 7etan, Victoria Eugenia antzokian.






55 Plus programan adineko pertsonek beren aisialdia pasatzeko modua eta aktiboki partehartzekoa aukeratzeko ekimenak planteatzeko gunea da, geroz eta sendoagoa.

Hala, adineko pertsonek 55 Plus programa honen bidez daukaten parte hartzeko moduaren erakusgarri txiki bat dugu “Il Festino” hau.

Helburua ikuskizun bat sortzea da, adineko pertsona hauek urte guztian artearen hainbat diziplinatan egiten duten lana biltzen duena. Horren bitartez, adineko pertsonen partehartzea indartu nahi da, eta baita beste kultura eta belaunaldi batzuekin uztartzea ere, egunero-egunero egiten dituzten gauzak erakutsiz.

Beraz, hiri honetako adineko pertsonek aktiboki parte hartuko duten ikuskizun bat izan asmo du “Il Festino”k. Lehenbiziko aldia da, gainera, Donostian artearen eta kultura amateurraren hainbat alderdi elkarren arteko komunikazioan jartzen direna. Izan ere, ahozko narrazioa, antzerkia, musika edota dantza uztartu dituzte, donostiar guztiek, adina goiti-beheiti, ondo pasatzeko. Adineko pertsonek bidali diguten goiburu bat nagusitzea nahi izan dugu: Partehartze aktiboaren bidez gozatzeko gauza izatea; ikuskizunean, antolaketan edo koordinazioan parte hartuz.

Narratzaileak, aktoreak, abesbatzak, musikariak, dantzariak,...



Horretarako, 55 Plusek bultzatzen dituen kultur ekintzetan parte hartzen duten pertsonen partaidetza izan dugu, lehen esan ditugun alderdi hauekin lotutako ekintzetan. Hala, hemen izango digutu:
  • Narratzaileak
  • Aktoreak: adinekoen antzerki talde amateurretatik aukeratutakoak.
  • Abesbatzak
  • Musikariak: Samba – Batukada ikastarokoak
  • Dantzariak

Gidoia alorretako arduradunen eta 55 Plus programako ekintza askotako partehartzaileen artean mamitu dugu. Baina, ikustera hurbiltzen direnek ustekaberen bat edo beste eraman dezaten, ez dugu gidoirik erakutsiko.

Azkenik, arrazoi bat baino gehiago tarteko direla, ikuskizunaren eguna otsailaren 14an izatea erabaki dugu. Arratsaldeko 7etan, Victoria Eugenia antzokian.

2012/02/09-an argitaratua