Donostiako haurrek, Zero Zabor

Telazko pixoihal berrerabilgarriak Donostiako familientzat

Telazko pixoihalak erosteko diru-laguntzak  

Donostiako Udalak haurrentzako telazko pixoihal berrerabilgarriak erabiltzea sustatu nahi du; izan ere, kalkuluen arabera, haur bakoitzeko tona bat zabor sortzen da pixoihalekin.      

Ildo horretatik, Udalak “Donostiako haurrek, zero zabor” proiektua jarri du martxan. Donostiako zenbait familiek %80ko diru-laguntza izango dute telazko pixoihal berrerabilgarriak eta haien osagarriak erostean.      

Familia bakoitzari emango zaion materialaren balioa 320,06 €-koa da; familiek ordaindu beharko dute balio horren %20 (64,01 €).    

Proba pilotu honetan parte hartzen dutenei babes teknikoa emango zaie; hau da, pixoihalak nola erabili eta nola garbitu behar diren azalduko zaie, eta jarraipen bat egingo zaie, sor daitezkeen arazoak konpontzeko.      

Emango diren pixoihal berrerabilgarriak:      

Errazago garbitu eta lehortu ahal izateko, bi piezako pixoihal bat aukeratu dugu. Kanpoko zatia iragazgaitza da (babeskia edo azpiko galtza), eta barrukoa, berriz, xurgatzailea.  Hiru pixoihal-mota eskainiko dira, kolore desberdinekoak.  

Pixoihal berrerabilgarrien abantaila nagusiak  

Haurraren azalaren egoera hobetzen du. Material naturalekin eta/edo transpiragarriekin eginda daudenez, alergia eta infekzio gutxiago eragiten dituzte.  Xurgapena naturala da, eta ez da xurgatzeko gaitasuna artifizialki areagotzen duen gel edo produktu kimikorik erabiltzen.  

Dirua aurreztea. Pixoihal berrerabilgarrien kit bat erabiltzea askoz merkeagoa da kit horrek ematen dituen bezain beste erabileretarako erabili eta botatzeko pixoihalak erostea baino. Kalkuluen arabera, pixoihal berrerabilgarriekin, familia batek 350 eta 440 € bitartean aurreztu ditzake urtean haur bakoitzeko.    

Sortutako hondakinen kantitatea eta natura-baliabideen kontsumoa murriztea.  Pixoihal berrerabilgarriekin, erabili eta botatzeko 2000 pixoihal inguru gutxiago erabiliko lirateke urtean haur bakoitzeko; hau da, 410 kg hondakin gutxiago.    

Telazko pixoihalei buruzko gezurrezko ideiak  

Haurraren mugikortasuna murriztu egiten da (Gezurra). Gaur egungo telazko pixoihalak duela zenbait urtetakoak baino erosoagoak eta arinagoak dira. Erabili eta botatzeko pixoihalak baino handiagoak badira ere, haurra eroso mugi daiteke haiekin.      

Ez dira higienikoak (Gezurra). Xurgatzailea tenperatura altuetan garbituz gero, 60ºC-an edo tenperatura altuagoetan, egon daitezkeen patogenoak erabat desinfektatzen direla bermatzen da. Hala ere, etxean erabiltzeko, normalean 40ºC-an garbitzea komeni da, eta noizbehinka 60ºC-an garbitzea.      

Parte hartu nahi duzu?      
Norentzat: Donostian bizi diren 6 hilabetetik 3 urtera bitarteko haurrak dituzten familientzat.
Informazio gehiago: Tlf.943483390 - ingurumena@donostia.org    

2013/03/01-an argitaratua